2013/01/02

Heriotza, #miradentrodeTIC proiektuari ekarpena

Egilea: Ainhoa Etxenagusia
Lehen Hezkuntza Graduko 1. maila
Donostiako Irakasleen UE
UPV/EHU

Aitor, zazpi urteko mutiko alai hau Asteasun bizi da. Egunero ikastolara joaten da eta bertan oso ondo pasatzen du bere lagunekin.
Ostegun honetan beste egunetan bezalaxe eskolara joan da. Baina, gaur, ez du betiko alaitasuna bere aurpegitxoan. Gainera lagunek jolasera doazela esatean honela erantzun die Aitorrek:

-Gaur ez dut jolastu nahi.
Orduan, lagunek zeharo harriturik, galdera mordoa egin diote:
-Aitor, zer duzu? Zergatik ez duzu jolastu nahi?
-Gurekin haserre al zaude?
Horrenbeste galdera artean galdurik, mutilak hau erantzun die:
-Aurreko astean ez nintzen amonarekin egon, eta gaur goizean amak esan dit oso gaixorik dagoela ospitalean.
Hau entzutean, Mikel eta Anek beren aiton-amonak ere gaixo egon zirela azaldu zioten.

Arratsaldean etxera joateko unea iritsi zen eta etxera iristean honela galdetu zuen Aitorrek:
-Zer gertatzen da ama, zergatik ari zarete negarrez aita eta zu? Non dago amona? Hil egin al da?
Une horretan, orain arte bizi gabeko sentipen bat etorri zitzaion Aitorri, urduri zegoen, beldurra sartu zitzaion. Gainera, sabel barruan hutsune bat zuen, mina eta negargura sortu zizkiona.
Aitak besarkatzen zuen bitartean, -Bai, hil egin da. – esan zion. Aitor hau entzutean negar batean hasi zen.
Mutikoari zalantza eta galdera asko etorri zitzaizkion heriotzaren inguruan, eta gertakari misteriotsu horrentzat ez zuen erantzunik aurkitzen inondik inora. Une horretan ohartu zen heriotzaren misterioaz, baita sortzen duen min atsekabe eta saminaz ere.
Beranduago, pixka bat lasaitzean gurasoek esku banatatik heldu zioten beren semeari eta hau adierazi zieten:
-Aitor maitea, batzuetan guk asko maite ditugun pertsonak hil egiten dira, eta gu triste jartzen gara gehiago ez garelako berarekin egongo. Nahiz eta min eman, tristura hori sentitzea ona da, asko maite zenuelako gertatzen baita. Baina gogoan izan amonarekin igarotako momentuek betiko iraungo dutela zure oroimenean. Oroi itzazu berarekin igarotako une atseginak eta egin irribarre, oroitzeko aukera hori duzulako.
Aitorri irribarre txiki bat irten zitzaion amonak emandako azken besarkada gogoratzean.





1 comentario:

  1. Oso ipuin polita idatzi duzuna. Ea irakasle izaten zarenean topatzen dituzun gurasoak, denek, beraien sema-alabekin berdin jokatzne duten; hau da, heriotzaz hitz egiten dien ezkutatun ordez.
    Animo eta segi aurreta
    Tzazu

    ResponderEliminar